2007-03-07

Gaiaren aurkezpena

Aurretik esan bezala, blog honetan emozioei buruz hitz egingo dizuet. Izan ere, emozioak eta sentimenduak, zeinahi ere diren, gizakion (helduon zein haurren) parte dira. Eguneroko bizitzan laguntzen digute eta askok uste baino garrantzia handiagoa dute. Horregatik beharrezkoa da jakitea emozioak oso erabilgarriak direla, ingurura moldatzen laguntzen digutela (baita deserosoak direnak ere; beldurra, tristura, amorrua, edo kulpa, alegia), eta ezin dugula horien aurrean ez nabarmendu.

Zenbait ikerketa eta esperientzia klinikoek frogatu dute pertsonak (haurrak zein helduak izanik), emozionalki trebeak direnean (hau da, emozioak ezagutzen eta ulertzen dituztenak, euren emozioak erregulatzeko gai direnak,...), ongizate afektibo eta sozial handiagoa dutela, arrakasta gehiago dutela eskolan zein lanean eta, gainera, osasun hobea izaten dutela.

Beraz, nire asmoa emozioek duten balioa ikustaraztea da. Eta, horretarako, emozioen inguruko informazioa eta adibideak eskainiko dizkizuet: hala nola, zer-nolako egoera emozionalak ematen diren, adimen emozionala zer den, haurren emozio adierazpenen aurrean nola jokatu behar den, heziketa emozionalean eskola eta gurasoen funtzioa zein den, alexitimia zer den,...

Espero dut gaia baliogarria eta zuen gustokoa izatea.

Hemengo zenbait informazio idazteko Hik hasi aldizkariak 2005eko urrian kaleratutako 101.zenbakiko eredua izan dut.