2007-06-08

Zer-nolako ekintzak dira baliagarriak?

Gero eta ekintza eta material gehiago daude umeekin emozioak lantzeko. Hala ere, irakasleek beharrezko prestakuntza izanez gero, hainbat eta hainbat jarduera bururatuko zaizkie gelan aurrera eramateko.

Landu ahal ditugun ekintzak honako hauek izan daitezke:
  • Elkarrizketa: umeekin emozioei buruz aho betez hitz egiteko.
  • Mimika: emozioak aurpegiko espresio eta gorputzeko keinuen bidez adierazteko. Etxean lantzen bada, ispiluaren aurrean egin daiteke; eskolan lantzen bada, berriz, aurrez aurre.
  • Ipuinen irakurketa: bertan ematen diren emozioak norberaren buruarekin lotzeko. Horretarako komenigarria da galderak egitea pertsonaiek sentitzen dutenari buruz eta horrek besteengan duen eraginari buruz. Era berean, intonazioa zaindu beharreko atala izango da, emozioak enfatizatzeko.
  • Musika: beraiengan emozioak sentitzeko eta horiek beraien gogo-aldartean zelan eragiten duten ikusteko.
  • Joku sinbolikoa: barneko emozioak libreki adierazteko eta besteen lekuan jarri ahal izateko.
  • Jolas kooperatiboak: guztiek parte hartu eta emozioak komunikatu ahal izateko
  • Marrazketa: emozio bat eta bestearen arteko espresio desberdintasunei arretaz begiratzeko. Etxean egiten bada, marraztutako emozio desberdinak begi-bistan dagoen toki batean jar daitezke eta, umea emozio bat adierazten duenean, hara eraman daiteke sentitzen duen emozioa marrazkien bidez antzemateko. Eskolan ere egin daiteke hori edo, bestela, karetak prestatu emozio desberdinen espresioekin.
  • Argazki-albumei begirada: umeek ondo pasatuz beraien eta besteen emozioak hautemateko.
Proposamen batzuk baino ez dira hauek. Lehen esan bezala, guraso eta irakasleei aproposagoak iruditzen zaizkien askoz jarduera gehiago gauzatu daitezke.

Eskola eta gurasoen zeregina

Egin beharreko lehenengo zeregina emozioekiko beldurra kentzea da. Eta horretarako prestatua egon behar da emozioen alorrean.
Gainera, ezinbestekoa da irakasle zein gurasoek gai honen garrantziaz kontzientzia hartzea.

Behin guzti hori kontuan hartuta, haurrari erakusten hasi beharko zaio sentitzen dituen emozioak aurpegiko espresioarekin eta hitz aproposarekin lotzen. Horrela, egoerari aurre egiteko prest egoteko.

Gurasoek eguneroko pasarte emozionalak aprobetxa ditzakete umeari garapen emozionalean laguntzeko. Adibidez, umea triste edo haserre dagoenean, sentitzen duena zer den zehatz-mehatz esanez eta emozio horrek eragiten dionaz jabetzeko animatuz.

Eskolan, berriz, umeei konfiantza ematen dien giroa eskaini behar da; haurrei arreta eskainiz, ulertzen saiatuz, beraiekin kontaktuan jarriz, hurbiltasuna adieraziz,...
Denbora bat eskaintzen zaiela sentitzen dutenean, prest egongo dira beraien emozioen kontzientzia hartzen joateko, besteen emozioez jabetzeko eta enpatia izaten hasteko ere.

Irakaslea haurren kezketatik abiatu daiteke, eta klasean lasaitasunez horien inguruan hitz egin. Modu horretan, umeak konturatuko dira normala dela kezkak sentitzea eta ez dela ezer gertatzen horiek sentitzeagatik.
Gelan sortzen diren gatazkez ere balia daiteke irakaslea, enpatia lantzeko.

Bestalde, irakaslea edozein momentutan eredu izango da; beraz, egokia izango litzateke bere emozioak zuzen adieraztea eta, kontrola galtzen duenean (galtzen duelako batzuetan, gainontzekoek bezala), dagokion azalpenak ematea.

Umea, orduan, pixkanaka-pixkanaka, emozioak momentu egokian, egoera aproposean eta dagokion pertsonekin adierazten ikasten joango da.

Post honetan zenbait informazio idazteko 2005eko urrian hik hasi aldizkarian argitaratutako 101.zenbakiaren erreferentzia izan dut.

2007-06-07

Alexitimia

Alexitimia emozioak identifikatzeko eta adierazteko ezintasuna da.
Peter Sifneosek 1972. urtean burmuineko desorden bat bezala definitu zuen. Izan ere, ez da gaixotasun bat, ezta gaitz bat ere. Interpretazio klinikoa da eta, sentimenduak edota emozioak azaldu ezin dituzten pertsonen artean ematen da. Hala ere, pertsona horiek emozioak fisikoki adieraztera heldu daitezke.

Desordena burmuinean ebakuntza kirurgikoa izan ondoren eman daiteke. Baina baita pertsonalitatearen ohiko ezaugarria izateagatik ere.
Hortik abiatuta, alexitimia sufritzen dutenek arazo fisiko asko izan ohi dituzte; hala nola, fibromialgia, ekzemak edo buruko min handiak. Hori dela eta, emozioak minaren bitartez adieraziak dira.

Ikerketa batzuen arabera, ehun pertsonetatik zazpik alexitimia sufritzen dute. Eta horien artean, mutilak dira gehienak. Horiek lotura afektiboak ezartzeko zailtasunak izaten dituzte, sortzeko gutxieneko ahalmena izaten dute eta nahiko aspergarriak izaten dira.

Dena den, adituak ez dira ados jartzen, ez zertan datzan alexitimia zehazterakoan, ezta datuen egiaztapena egiterakoan ere.

Kulpa

Kulpa desegokia den ekintzaren bat egin duenari dagokion erantzukizuna da. Hau da, baten bati sufritzea eragin diogunean eta min horren erantzuletzat hartzen dugunean gure burua sortzen da.
Kulpa agertzen denean, ondo gidatzen ez badugu, blokeatu eta gure baitan itxi egin gaitezke. Eta txarto onartzen badugu, pasibotasunera bultzatuko gaitu. Horren kontziente izateak, aldiz, gainditzera lagunduko digu.

Kulpa sentimenduak horrenbeste eragiten digu, abandonaturik edo zigorturik izateko beldurra dugulako. Izan ere, errudunek badakite zerbait txarra egin dutela eta hori ordaindu behar dutela.



Horrela, adibidez, ume batek bere anaiari jostailu berria apurtzen dionean, ez du aitortuko bera izan dela, ama edo aita zigortzearen beldur delako.

Kulpa sentimenduaren ondorio arruntenetarikoa alardura da. Orduan, gure barnean damu dugu. Izan ere, gogoratu egiten gara gure kulpaz eta horrek, urduritasuna eta ezinegona sortzen du gugan.

Kulpa sentitzen dugula dakigu zenbait seinaleei esker: seinale fisikoak (buruko zein tripako mina), emoziozko seinaleak (urduritasuna, agresibitatea, suminkortasuna) eta buruko seinaleak (nork bere buruaren salaketa pentsamenduak).

Hori agertzen denean, saiatu beharko gara:
  • Barneko berrikuste bat egiten
  • Zergatik sortu denari buruzko hausnarketa eta azterketa egiten, gure buruari aipua kendu gabe.
  • Kulparen jatorria aurkitzen
  • Eragindako mina konpontzeko bidea aurkitzen
  • Gure jokabideagatik mina egin diegun pertsonei barkamena eskatzen

2007-06-04

Lotsa


Lotsa sentimendu bat baino gehiago da.
Ezaugarri arrunt batzuk ditu: erantzun fisikoak eta zehatzak (begirada jaistea edota gorritzea), ekintza aurresangarriak (ezkutatzea edo besteengandik urruntzea), pentsamendu desatseginak ("penagarria naiz") eta sufrimendu espirituala.
Lotsaren bat-bateko sentimenduak gainezka egiten gaituen esperientzia da. Dena ondo doanean eta tupustean zerbait txarra gertatzen denean, lasai mantentzeko nahia izaten dugu. Momentu horretan gure gorputza lankidetzan jardutea nahi dugu baina, hori egin beharrean, sentitzen dugu aurpegia oso bero dagoela, begiek ezin dutela aurrera begira, burua makurtu egiten dela eta bihotz taupadak bizkortu egiten direla. Argi dago, beraz, ezin dugula gure gorputza kontrolatu lotsa dugunean.

Lotsa sentitzen duena ez da batere eroso sentitzen, eta ikustezina izateko gogoa izango du.
Normalean, egoera hori estaltzeko eta bertatik ihes egiteko jarrera hartzen dugu. Eta, nahi dugun azkenengo gauza horri buruz hitz egitea da.

Lotsa oso lotuta dago kulpari. Biek eskatzen digute barneko berrikuste bat egitea eta gure bizitzan aldaketak egitea.
Gainera, biak probetxugarriak dira modu neurritsuan ematen direnean, baina kaltegarriak izaten dira biziegiak direnean.
Lotsaren kasuan, zailagoa da konpontzen, pertsonarekin zerikusi gehiago duelako ekintza zehatzekin baino.

Umeen kasuan, eguneroko ohiko ekintzetan ager daiteke. Esate baterako, hiru urteko ume bat iturrira hurbiltzen denean txakurrari ura emateko prest, gero harro sentituko da bere lorpenarekin; hala ere, bere aitak oihu egiten dio esanez busti egin dela eta zikin bat dela. Umea, orduan, lotsatuta sentituko da eta kulpa ere senti dezake.
Horrelako egoera asko eta asko daude, guztiak desberdinak direnak. Izan ere, lotsa mota ezberdinak daude eta inoiz ez da lotsa berdina izaten pertsona batean eta bestean.

Gehiegizko lotsa izaten denean asko sufritu daiteke.

Baina lotsaren jatorria aurkitzea ez da lan erraza. Izan ere, ez baitago guztiekin erabili daitekeen iturri finko bat ere ez.

Haatik badaude gehiegizko lotsa osatzeko jarraitu daitezkeen zenbait gomendio:
  • Lehenik eta behin, egoeraren kontzientzia hartu
  • Lotsa sentitzea batzuetan normala dela onartu
  • Norbere buruaren kontzeptua aldatu, norberaren burua errespetatu eta norberaren buruaz harro egon
  • Lotsa autoestimaren ordez aldatzen laguntzen dituzten helburu positiboak finkatu
Guzti hori egiten bada, ulermenaren fasea gaindituta egongo litzateke eta ekintzara pasatu ahal izango litzateke.

2007-06-01

Inbidia

Inbidia besteek duten zerbait desiratzen duen horrek sentitzen du.
Bizitzako lehenengo urteetan azaltzen hasten da, umea harreman familiarrak eta sozialak izaten hasten denean.
Haurra bere eremuan mehatxatuta sentitzen bada edo gehien maite duen horretan hutsik sentitzen bada, ez daukan guztia lortzen saiatuko da. Eta horretarako, amorraldiak eta kasketak adieraziko ditu. Horregatik beharrezkoa da atsekabe horiek lasaitzea azalpen logikoak emanez. Izan ere, modu horretan, haurra bere frustrazioak onartzen eta jokabide oldartsuak kontrolatzen ikasten joango da. Eta, gainera, ezberdintasunak errespetatzen eta norberaren ezaugarriak baloratzen ikasiko du.
Inbidia etengabe izan duen umeari inork ez badio bere antsietatea lasaitzen, frustrazio eta hutsune sentimenduekin haziko da, eta inbidia duen heldu bat bilakatuko da.



Normalean, guri falta zaiguna besteetan baloratzeko joera dugu. Baina inoiz ez gara pentsatzen gelditzen daukagun guztian.
Inbidiatsu batentzat, bere bizitza lortu nahi duenaren inguruan biratzen da. Hau da, faltan sentitzen duenaren inguruan. Eta, atsekabeak, frustrazioak eta amorruak hartzen ditu.

Baina, funtsean, nork ez du inbidiarik sentitu noizbait? Ia guztiok sentitzen dugu inbidia gure bizitzako momenturen batean. Eta onartu behar dugu inbidia gizon-emakumeen sentimendu bat gehiago bezala.
Kanpoaldera begiratzea, eta miresten ditugunekin edo inbidia diegunekin konparatzea, bizigarri on bat izan daiteke, baldin eta modu positiboan egiten badugu (besteen arrakastatik, gure izaerarako, gaitasunetarako edota egoera pertsonaletarako, ondorio moldagarriak ateratzen baditugu). Bakarrik ardura gaitezke patologia batean ondorioztatzen denean eta gure oreka emozionala kaltetzen duenean.

Inbidiari aurre egiteko aholku batzuk honako hauek izan daitezke:
  • Besteek egiten dutenaren zain ez bizitzea
  • Besteek arrakasta dutenean ez dugula ezer galtzen konbentzitzea
  • Besteekin konparatzea, gehienetan, alferrekoa dela konturatzea
  • Gure posibilitateen arabera helburuak ezartzea, ez beste batzuek lortu dutenaren arabera
Inbidia gainditutzat hartu ahal dugu besteen arrakastaz edo zorionaz pozten garenean.