2007-05-23

Tristura

Tristura guztiok noizbait sentitzen dugun emozioa da. Mundu guztia jartzen da triste momenturen batean, salbuespenik gabe. Baina pertsona batzuk beste batzuk baino sarriago sentitzen dute.

Tristura sentitzearen arrazoiak asko izan daitezke. Agian ez duzulako lortu asko desiratzen zenuen hori. Edo norbaiten falta sentitzen duzulako. Edo, beharbada, gogoan duzun norbait zure laguna ez duelako izan nahi eta horrek mindu egiten zaituelako.
Baina, normalean, zerbait garrantzitsu galdu dugunean, zerbait edo norbait dezepzionatu egin gaituenean, guri edo hurbileko pertsona bati eragiten dion ezbeharren bat gertatu denean, aldaketa zail bat ematen denean, harreman arazoak ditugunean,... sentitzen dugu. Baita askotan bakarrik sentitzen garenean ere.
Orduan erraza da mundua iluna iruditzea eta pentsatzea ez dagoela ezer poz eman ahal zaituena. Horregatik normala da barnean sentitzen duzun min hori ohiko umoreari kanporatzen ez uztea. Eta, barre egin ordez, baliteke negar egiteko gogoa izatea eta malkoak ezin eustea. Dena den, negar egiteak, ziurraski, hobeto sentitzen lagunduko dizu.

Umeen kasuan, tristura eman ohi da, batez ere: maite duten norbait edo zerbait galdu dutenean (senide, lagun edo maskota bat izan daiteke), gurasoek banatzen badira, gogoko duten norbait edo zerbaitengandik urrundu behar direnean (herriz aldatzea edo ikastetxez aldatzea, adibidez), dezepzio txikiak jasotzen dituztenean (jolas batean galtzea, azterketaren bat ez gainditzea, festa batera ez gonbidatzea,...) eta harremanetan gatazkak daudenean edota harremanen bat apurtzen denean (ikaskideren bat zirikatzea, taldeko ekintzetan parte hartzen ez uztea, laguntzarik ez eskaintzea behar dutenean,...).

Tristezia, batzutan, beste sentimenduekin nahastu egiten da, adibidez: haserrea eta kulparekin. Posiblea da umea errudunak bilatzeko joera izatea. Horregatik askotan besteei edo bere buruari gertatutakoaren errua egotziko dio.



Orokorrean tristurak ez du asko irauten (ordu batzuk, egun bat edo bi,... besterik ez), nahiz eta triste zaudenean sentimendu hori betirako iraungo duelako susmoa izan. Badago tristura mota sakonago eta biziago bat gehiago irauten duena eta depresioa deritzoguna.

Depresioaren sintoma batzuk honako hauek dira:
  • Tristura eta erraz negar egitea
  • Hutsune sentsazioa izatea eta ilusioa izateko ezintasuna
  • Itxaropen falta
  • Kulpa sentimendua izatea
  • Bakarrik zaudelako eta inork maite ez zaituelako sentsazioa
  • Erraz haserretzea
  • Gauzak ezin disfrutatzea
  • Klasean edota etxeko lanak egiterako orduan arreta ezin jartzea
  • Nota txarrak ateratzen hastea
  • Indar falta, beti nekatuta egotearen sentsazioa
  • Gehiegi edo gutxiegi lo egitea
  • Gutxiegi edo gehiegi jatea
  • Lagunekin denbora gutxiago egotea eta gehiago bakarrik
  • Erlaxatzeko eta geldirik egoteko zailtasunak edukitzea
  • Buruko mina edota tripako mina izateaz kexatzea
  • ...
Oso garrantzitsua da jokaera aldaketa horietaz ohartzea, bai eskolan eta baita etxean ere, eskua sartu ahal izateko. Batzuetan nahikoa da aditu batekin hitz egitearekin. Beste batzuetan medikatzeak lagundu dezake. Eta, bestetan, ordea, biak beharrezkoak dira.

Haurren depresioa arrazoi askorengatik sortua izan daiteke: gertakari negatiboak gertatzeagatik, porroten esperientzia izateagatik, iritzi negatiboak jasateagatik, autoestima galeragatik, herentzia biologikoagatik,...

Hori dela eta, gurasoen eta eskolaren zeregina funtsezkoa da. Garrantzitsua da umeen kezkak entzutea eta emozioak kanporatzeko giro egokia sustatzea. Modu horretan haurrari lagundu ahal izateko eta arazoari aurre egin ahal izateko.

No hay comentarios: