2007-06-08

Zer-nolako ekintzak dira baliagarriak?

Gero eta ekintza eta material gehiago daude umeekin emozioak lantzeko. Hala ere, irakasleek beharrezko prestakuntza izanez gero, hainbat eta hainbat jarduera bururatuko zaizkie gelan aurrera eramateko.

Landu ahal ditugun ekintzak honako hauek izan daitezke:
  • Elkarrizketa: umeekin emozioei buruz aho betez hitz egiteko.
  • Mimika: emozioak aurpegiko espresio eta gorputzeko keinuen bidez adierazteko. Etxean lantzen bada, ispiluaren aurrean egin daiteke; eskolan lantzen bada, berriz, aurrez aurre.
  • Ipuinen irakurketa: bertan ematen diren emozioak norberaren buruarekin lotzeko. Horretarako komenigarria da galderak egitea pertsonaiek sentitzen dutenari buruz eta horrek besteengan duen eraginari buruz. Era berean, intonazioa zaindu beharreko atala izango da, emozioak enfatizatzeko.
  • Musika: beraiengan emozioak sentitzeko eta horiek beraien gogo-aldartean zelan eragiten duten ikusteko.
  • Joku sinbolikoa: barneko emozioak libreki adierazteko eta besteen lekuan jarri ahal izateko.
  • Jolas kooperatiboak: guztiek parte hartu eta emozioak komunikatu ahal izateko
  • Marrazketa: emozio bat eta bestearen arteko espresio desberdintasunei arretaz begiratzeko. Etxean egiten bada, marraztutako emozio desberdinak begi-bistan dagoen toki batean jar daitezke eta, umea emozio bat adierazten duenean, hara eraman daiteke sentitzen duen emozioa marrazkien bidez antzemateko. Eskolan ere egin daiteke hori edo, bestela, karetak prestatu emozio desberdinen espresioekin.
  • Argazki-albumei begirada: umeek ondo pasatuz beraien eta besteen emozioak hautemateko.
Proposamen batzuk baino ez dira hauek. Lehen esan bezala, guraso eta irakasleei aproposagoak iruditzen zaizkien askoz jarduera gehiago gauzatu daitezke.

Eskola eta gurasoen zeregina

Egin beharreko lehenengo zeregina emozioekiko beldurra kentzea da. Eta horretarako prestatua egon behar da emozioen alorrean.
Gainera, ezinbestekoa da irakasle zein gurasoek gai honen garrantziaz kontzientzia hartzea.

Behin guzti hori kontuan hartuta, haurrari erakusten hasi beharko zaio sentitzen dituen emozioak aurpegiko espresioarekin eta hitz aproposarekin lotzen. Horrela, egoerari aurre egiteko prest egoteko.

Gurasoek eguneroko pasarte emozionalak aprobetxa ditzakete umeari garapen emozionalean laguntzeko. Adibidez, umea triste edo haserre dagoenean, sentitzen duena zer den zehatz-mehatz esanez eta emozio horrek eragiten dionaz jabetzeko animatuz.

Eskolan, berriz, umeei konfiantza ematen dien giroa eskaini behar da; haurrei arreta eskainiz, ulertzen saiatuz, beraiekin kontaktuan jarriz, hurbiltasuna adieraziz,...
Denbora bat eskaintzen zaiela sentitzen dutenean, prest egongo dira beraien emozioen kontzientzia hartzen joateko, besteen emozioez jabetzeko eta enpatia izaten hasteko ere.

Irakaslea haurren kezketatik abiatu daiteke, eta klasean lasaitasunez horien inguruan hitz egin. Modu horretan, umeak konturatuko dira normala dela kezkak sentitzea eta ez dela ezer gertatzen horiek sentitzeagatik.
Gelan sortzen diren gatazkez ere balia daiteke irakaslea, enpatia lantzeko.

Bestalde, irakaslea edozein momentutan eredu izango da; beraz, egokia izango litzateke bere emozioak zuzen adieraztea eta, kontrola galtzen duenean (galtzen duelako batzuetan, gainontzekoek bezala), dagokion azalpenak ematea.

Umea, orduan, pixkanaka-pixkanaka, emozioak momentu egokian, egoera aproposean eta dagokion pertsonekin adierazten ikasten joango da.

Post honetan zenbait informazio idazteko 2005eko urrian hik hasi aldizkarian argitaratutako 101.zenbakiaren erreferentzia izan dut.

2007-06-07

Alexitimia

Alexitimia emozioak identifikatzeko eta adierazteko ezintasuna da.
Peter Sifneosek 1972. urtean burmuineko desorden bat bezala definitu zuen. Izan ere, ez da gaixotasun bat, ezta gaitz bat ere. Interpretazio klinikoa da eta, sentimenduak edota emozioak azaldu ezin dituzten pertsonen artean ematen da. Hala ere, pertsona horiek emozioak fisikoki adieraztera heldu daitezke.

Desordena burmuinean ebakuntza kirurgikoa izan ondoren eman daiteke. Baina baita pertsonalitatearen ohiko ezaugarria izateagatik ere.
Hortik abiatuta, alexitimia sufritzen dutenek arazo fisiko asko izan ohi dituzte; hala nola, fibromialgia, ekzemak edo buruko min handiak. Hori dela eta, emozioak minaren bitartez adieraziak dira.

Ikerketa batzuen arabera, ehun pertsonetatik zazpik alexitimia sufritzen dute. Eta horien artean, mutilak dira gehienak. Horiek lotura afektiboak ezartzeko zailtasunak izaten dituzte, sortzeko gutxieneko ahalmena izaten dute eta nahiko aspergarriak izaten dira.

Dena den, adituak ez dira ados jartzen, ez zertan datzan alexitimia zehazterakoan, ezta datuen egiaztapena egiterakoan ere.

Kulpa

Kulpa desegokia den ekintzaren bat egin duenari dagokion erantzukizuna da. Hau da, baten bati sufritzea eragin diogunean eta min horren erantzuletzat hartzen dugunean gure burua sortzen da.
Kulpa agertzen denean, ondo gidatzen ez badugu, blokeatu eta gure baitan itxi egin gaitezke. Eta txarto onartzen badugu, pasibotasunera bultzatuko gaitu. Horren kontziente izateak, aldiz, gainditzera lagunduko digu.

Kulpa sentimenduak horrenbeste eragiten digu, abandonaturik edo zigorturik izateko beldurra dugulako. Izan ere, errudunek badakite zerbait txarra egin dutela eta hori ordaindu behar dutela.



Horrela, adibidez, ume batek bere anaiari jostailu berria apurtzen dionean, ez du aitortuko bera izan dela, ama edo aita zigortzearen beldur delako.

Kulpa sentimenduaren ondorio arruntenetarikoa alardura da. Orduan, gure barnean damu dugu. Izan ere, gogoratu egiten gara gure kulpaz eta horrek, urduritasuna eta ezinegona sortzen du gugan.

Kulpa sentitzen dugula dakigu zenbait seinaleei esker: seinale fisikoak (buruko zein tripako mina), emoziozko seinaleak (urduritasuna, agresibitatea, suminkortasuna) eta buruko seinaleak (nork bere buruaren salaketa pentsamenduak).

Hori agertzen denean, saiatu beharko gara:
  • Barneko berrikuste bat egiten
  • Zergatik sortu denari buruzko hausnarketa eta azterketa egiten, gure buruari aipua kendu gabe.
  • Kulparen jatorria aurkitzen
  • Eragindako mina konpontzeko bidea aurkitzen
  • Gure jokabideagatik mina egin diegun pertsonei barkamena eskatzen

2007-06-04

Lotsa


Lotsa sentimendu bat baino gehiago da.
Ezaugarri arrunt batzuk ditu: erantzun fisikoak eta zehatzak (begirada jaistea edota gorritzea), ekintza aurresangarriak (ezkutatzea edo besteengandik urruntzea), pentsamendu desatseginak ("penagarria naiz") eta sufrimendu espirituala.
Lotsaren bat-bateko sentimenduak gainezka egiten gaituen esperientzia da. Dena ondo doanean eta tupustean zerbait txarra gertatzen denean, lasai mantentzeko nahia izaten dugu. Momentu horretan gure gorputza lankidetzan jardutea nahi dugu baina, hori egin beharrean, sentitzen dugu aurpegia oso bero dagoela, begiek ezin dutela aurrera begira, burua makurtu egiten dela eta bihotz taupadak bizkortu egiten direla. Argi dago, beraz, ezin dugula gure gorputza kontrolatu lotsa dugunean.

Lotsa sentitzen duena ez da batere eroso sentitzen, eta ikustezina izateko gogoa izango du.
Normalean, egoera hori estaltzeko eta bertatik ihes egiteko jarrera hartzen dugu. Eta, nahi dugun azkenengo gauza horri buruz hitz egitea da.

Lotsa oso lotuta dago kulpari. Biek eskatzen digute barneko berrikuste bat egitea eta gure bizitzan aldaketak egitea.
Gainera, biak probetxugarriak dira modu neurritsuan ematen direnean, baina kaltegarriak izaten dira biziegiak direnean.
Lotsaren kasuan, zailagoa da konpontzen, pertsonarekin zerikusi gehiago duelako ekintza zehatzekin baino.

Umeen kasuan, eguneroko ohiko ekintzetan ager daiteke. Esate baterako, hiru urteko ume bat iturrira hurbiltzen denean txakurrari ura emateko prest, gero harro sentituko da bere lorpenarekin; hala ere, bere aitak oihu egiten dio esanez busti egin dela eta zikin bat dela. Umea, orduan, lotsatuta sentituko da eta kulpa ere senti dezake.
Horrelako egoera asko eta asko daude, guztiak desberdinak direnak. Izan ere, lotsa mota ezberdinak daude eta inoiz ez da lotsa berdina izaten pertsona batean eta bestean.

Gehiegizko lotsa izaten denean asko sufritu daiteke.

Baina lotsaren jatorria aurkitzea ez da lan erraza. Izan ere, ez baitago guztiekin erabili daitekeen iturri finko bat ere ez.

Haatik badaude gehiegizko lotsa osatzeko jarraitu daitezkeen zenbait gomendio:
  • Lehenik eta behin, egoeraren kontzientzia hartu
  • Lotsa sentitzea batzuetan normala dela onartu
  • Norbere buruaren kontzeptua aldatu, norberaren burua errespetatu eta norberaren buruaz harro egon
  • Lotsa autoestimaren ordez aldatzen laguntzen dituzten helburu positiboak finkatu
Guzti hori egiten bada, ulermenaren fasea gaindituta egongo litzateke eta ekintzara pasatu ahal izango litzateke.

2007-06-01

Inbidia

Inbidia besteek duten zerbait desiratzen duen horrek sentitzen du.
Bizitzako lehenengo urteetan azaltzen hasten da, umea harreman familiarrak eta sozialak izaten hasten denean.
Haurra bere eremuan mehatxatuta sentitzen bada edo gehien maite duen horretan hutsik sentitzen bada, ez daukan guztia lortzen saiatuko da. Eta horretarako, amorraldiak eta kasketak adieraziko ditu. Horregatik beharrezkoa da atsekabe horiek lasaitzea azalpen logikoak emanez. Izan ere, modu horretan, haurra bere frustrazioak onartzen eta jokabide oldartsuak kontrolatzen ikasten joango da. Eta, gainera, ezberdintasunak errespetatzen eta norberaren ezaugarriak baloratzen ikasiko du.
Inbidia etengabe izan duen umeari inork ez badio bere antsietatea lasaitzen, frustrazio eta hutsune sentimenduekin haziko da, eta inbidia duen heldu bat bilakatuko da.



Normalean, guri falta zaiguna besteetan baloratzeko joera dugu. Baina inoiz ez gara pentsatzen gelditzen daukagun guztian.
Inbidiatsu batentzat, bere bizitza lortu nahi duenaren inguruan biratzen da. Hau da, faltan sentitzen duenaren inguruan. Eta, atsekabeak, frustrazioak eta amorruak hartzen ditu.

Baina, funtsean, nork ez du inbidiarik sentitu noizbait? Ia guztiok sentitzen dugu inbidia gure bizitzako momenturen batean. Eta onartu behar dugu inbidia gizon-emakumeen sentimendu bat gehiago bezala.
Kanpoaldera begiratzea, eta miresten ditugunekin edo inbidia diegunekin konparatzea, bizigarri on bat izan daiteke, baldin eta modu positiboan egiten badugu (besteen arrakastatik, gure izaerarako, gaitasunetarako edota egoera pertsonaletarako, ondorio moldagarriak ateratzen baditugu). Bakarrik ardura gaitezke patologia batean ondorioztatzen denean eta gure oreka emozionala kaltetzen duenean.

Inbidiari aurre egiteko aholku batzuk honako hauek izan daitezke:
  • Besteek egiten dutenaren zain ez bizitzea
  • Besteek arrakasta dutenean ez dugula ezer galtzen konbentzitzea
  • Besteekin konparatzea, gehienetan, alferrekoa dela konturatzea
  • Gure posibilitateen arabera helburuak ezartzea, ez beste batzuek lortu dutenaren arabera
Inbidia gainditutzat hartu ahal dugu besteen arrakastaz edo zorionaz pozten garenean.

2007-05-31

Asperdura


Asperdura interesik ez dugunean edo indarra falta zaigunean sortzen da. Orduan, jasotzen ditugun estimuluak monotonoak, errepikakorrak eta gogaikarriak egiten zaizkigu.
Hori gertatzen da ez dugulako gauza interesgarririk aurkitzen ikusteko, entzuteko edota egiteko (fisikoki zein intelektualki) ezer egin gabe egon nahi ez dugunean.
Asperdura, beraz, dibertsioaren eta entretenimenduaren kontrakoa da. Aharrausiak ere eragin ditzake behin baino gehiagotan!

Denboraldi batez aspertuta dauden horiek, beraien egoera denbora galtzea baino ez dela pentsa dezakete.
Bestalde, pentsa daiteke ere denbora libre gehiegi edukitzeak asperdura eragin dezakeela. Eta askotan horrela gertatzen da, batez ere umeen kasuan. Oporrak izaten dituztenean, ez dakite nola bete beraien denbora, ez dakite zer egin, eta, ondorioz, aspertu egiten dira.
Gainera, aspertuta egotean badirudi denbora astiroago pasatzen dela.

Batzutan asperdurak oldartsuegiak eta zentzugabekoak diren ekintzak egitera bultzatzen gaitu. Baita gure interes propioei gaitz egiten dietenak egitera ere. Eta sarritan, gero damutu egiten gaitu.

Asperdura egoera horren aurrean gizakiok dugun ohiko erantzuna, gutxiengo ahalegina (fisikoa zein psikikoa) eskatzen duten eta kontzentratuta mantzentzen gaituzten zereginak egitea da.

Umeen asperdura ekiditeko, komenigarria izango litzateke arreta deitzen dizkieten ekintzetatik abiatzea. Hau da, interesa pizten dizkieten ekintzak aukeratzea.

2007-05-30

Haserrea



Haserrea buruko nahaste arrunt eta suntsitzaileena da, ia egunero eragiten diguna. Haserretzea ez da txarra, axola duenak haserrealdia nola kontrolatu da. Eta hori, batzuetan, nahiko zaila da.

Dolf Zillman-ek egindako ikerketa batzuen arabera, haserreak mehatxatuta egotearen susmoan du jatorria. Mehatxu hori fisikoa zein psikologikoa izan daiteke (arbuiatuta, frustratua,... sentitzea) eta gorputz-deskarga bat eragiten du. Normalean adrenalina deskarga bat sortzen da gure nerbio-sisteman, handiagoa edo txikiagoa dena haserrearen intentsitatearen arabera, eta horrek minutuak, orduak edota egunak iraun dezakeen asaldura orokortua eragiten du. Gainera, asaldura berrien aurrean hipersentiberak mantentzen gaitu. Horrek esan nahi du pertsona, behin haserrearazi eginez gero, urduri egonez gero, edo nekatuago egonez gero, errazago haserretu ahal dela.

Haserreak sorrarazten duen asaldura horrek astiro desagertzeko joera du. Horregatik, haserrearen dinamikan murgilduta dagoen pertsonak, bide hori uzteko ahaleginik egiten ez badu, hira eztanda bat eragingo du erraz.

Haserrea bultzatzen duten faktore
en artean, honako hauek ditugu:
  • Estresa
  • Bakoitzaren izaera: agian emozioak oso modu bizian sentitzen dituzun pertsona horietako bat zara. Edo, beharbada, nahiko oldarkorra zara eta kontrola erraz galtzen duzu
  • Izandako ereduak: agian familiako kideak edota irakasleak sarritan haserretzen eta beraien onetik ateratzen ikusi dituzu gauzak espero bezala ateratzen ez zirenean
Gehienetan, haserrea adierazteko beharra sentitzen dugu eta, batzutan, pedagogikoa izan daiteke (autoritatea markatzeko, egoera baten larritasuna adierazteko,...), baina zaila egiten da haserrea muga egokienen barruan mantentzea.

Aristoteles-ek zioen moduan:
"Edonor haserre daiteke, hori oso erraza da. Baina haserretzea pertsona aproposarekin, maila egokienean, beharrezko momentuan, asmo zehatzarekin eta modu zuzen batean, hori, ez da hain erraza".
Askotan, gainera, haserrea deskargatzeak gero damutuko garen hitzak esatera eta ekintzak egitera bultzatzen gaitu. Beraz, beti ez digu laguntzen pozik gelditzen.

Horregatik, komenigarria da
haserreari aurre egiteko eta haserrea gidatu ahal izateko urrats hauek jarraitzea:
  1. Zure sentimenduekin lotu (autokontzientzia)
  2. Geldi zaitez eta pentsatu (autokontrola)
  3. Aukerak kontuan hartu eta haiei buruz hausnartu (pentsatu ere ondorioetan)
  4. Erabaki bat hartu (aukeren artean bat hartu)
  5. Aurrerapenak egiaztatu

2007-05-24

Poza


Poza, aurretik aipatu bezala, oinarrizko emozioetako bat da.
Renny Yagosesky-k, jokabidearen idazlea eta orientatzaileak, dio barneko egoera freskoa eta argia dela; ongizate orokorraren, indar maila altuen eta ekintza konstruktiborako ahalmen handi baten sortzailea dena.
Poza sentitzen duenak arazorik gabe adierazten du: itxuraren bitartez, hizkuntzaren bitartez, erabakien bitartez, edota ekintzen bitartez.

Aditu honek, era berean, bi poztasun mota bereizten ditu:

  • Poza erreakzio bezala: gertakari igarokor baten aurrean ematen da (sari bat irabaztea, lagun batekin topo egitea, goraipamen bat jasotzea, galdutako objektu baliotsu bat aurkitzea,...)
  • Poza ezinbesteko joera bezala: pertzepzioa, modu sarrian eta egonkorrean, eguneroko bizitzako alde positiboetarantz, baloratzen eta gidatzen ikasten denean ematen da.
Eguneroko bizitzan beti pozten gara arrazoi bat dagoenean: ulertzen gaituen pertsona hori aurkitzen dugunean, nahi genuen lana lortzen dugunean, azterketa baten nota ona denean,... Baina poztasun horiek ez dira gehiegi irauten, une batekoak dira, ezin dira modu jarraitu eta etengabean iraun.

Sentitzen dugun poztasuna, sarritan, barrea edota irribarrearen bitartez adierazten dugu, eta jakin behar dugu horiek onura batzuk ematen dizkigutela, besteak beste:
  • Estresa, tentsioa, antsietatea, depresioa eta kolesterola kentzen dute.
  • Argaltzen dute (400 muskulu inguru erabiltzen ditugu eta!)
  • Gaztetu egiten dute
  • Erlaxatzen gaituzte
  • Insomnioa, autoestima falta, minak, bihotzeko eta arnasteko arazoak,... murrizten dituzte
  • Ia edozein gaixotasun gutxitzen dute

Gainera, gure bizitzari gehitzen dizkiote: onarpena, ulermena, jolasa, indar positiboa, poztasuna, gure zentzumenak zorroztea,...

2007-05-23

Tristura

Tristura guztiok noizbait sentitzen dugun emozioa da. Mundu guztia jartzen da triste momenturen batean, salbuespenik gabe. Baina pertsona batzuk beste batzuk baino sarriago sentitzen dute.

Tristura sentitzearen arrazoiak asko izan daitezke. Agian ez duzulako lortu asko desiratzen zenuen hori. Edo norbaiten falta sentitzen duzulako. Edo, beharbada, gogoan duzun norbait zure laguna ez duelako izan nahi eta horrek mindu egiten zaituelako.
Baina, normalean, zerbait garrantzitsu galdu dugunean, zerbait edo norbait dezepzionatu egin gaituenean, guri edo hurbileko pertsona bati eragiten dion ezbeharren bat gertatu denean, aldaketa zail bat ematen denean, harreman arazoak ditugunean,... sentitzen dugu. Baita askotan bakarrik sentitzen garenean ere.
Orduan erraza da mundua iluna iruditzea eta pentsatzea ez dagoela ezer poz eman ahal zaituena. Horregatik normala da barnean sentitzen duzun min hori ohiko umoreari kanporatzen ez uztea. Eta, barre egin ordez, baliteke negar egiteko gogoa izatea eta malkoak ezin eustea. Dena den, negar egiteak, ziurraski, hobeto sentitzen lagunduko dizu.

Umeen kasuan, tristura eman ohi da, batez ere: maite duten norbait edo zerbait galdu dutenean (senide, lagun edo maskota bat izan daiteke), gurasoek banatzen badira, gogoko duten norbait edo zerbaitengandik urrundu behar direnean (herriz aldatzea edo ikastetxez aldatzea, adibidez), dezepzio txikiak jasotzen dituztenean (jolas batean galtzea, azterketaren bat ez gainditzea, festa batera ez gonbidatzea,...) eta harremanetan gatazkak daudenean edota harremanen bat apurtzen denean (ikaskideren bat zirikatzea, taldeko ekintzetan parte hartzen ez uztea, laguntzarik ez eskaintzea behar dutenean,...).

Tristezia, batzutan, beste sentimenduekin nahastu egiten da, adibidez: haserrea eta kulparekin. Posiblea da umea errudunak bilatzeko joera izatea. Horregatik askotan besteei edo bere buruari gertatutakoaren errua egotziko dio.



Orokorrean tristurak ez du asko irauten (ordu batzuk, egun bat edo bi,... besterik ez), nahiz eta triste zaudenean sentimendu hori betirako iraungo duelako susmoa izan. Badago tristura mota sakonago eta biziago bat gehiago irauten duena eta depresioa deritzoguna.

Depresioaren sintoma batzuk honako hauek dira:
  • Tristura eta erraz negar egitea
  • Hutsune sentsazioa izatea eta ilusioa izateko ezintasuna
  • Itxaropen falta
  • Kulpa sentimendua izatea
  • Bakarrik zaudelako eta inork maite ez zaituelako sentsazioa
  • Erraz haserretzea
  • Gauzak ezin disfrutatzea
  • Klasean edota etxeko lanak egiterako orduan arreta ezin jartzea
  • Nota txarrak ateratzen hastea
  • Indar falta, beti nekatuta egotearen sentsazioa
  • Gehiegi edo gutxiegi lo egitea
  • Gutxiegi edo gehiegi jatea
  • Lagunekin denbora gutxiago egotea eta gehiago bakarrik
  • Erlaxatzeko eta geldirik egoteko zailtasunak edukitzea
  • Buruko mina edota tripako mina izateaz kexatzea
  • ...
Oso garrantzitsua da jokaera aldaketa horietaz ohartzea, bai eskolan eta baita etxean ere, eskua sartu ahal izateko. Batzuetan nahikoa da aditu batekin hitz egitearekin. Beste batzuetan medikatzeak lagundu dezake. Eta, bestetan, ordea, biak beharrezkoak dira.

Haurren depresioa arrazoi askorengatik sortua izan daiteke: gertakari negatiboak gertatzeagatik, porroten esperientzia izateagatik, iritzi negatiboak jasateagatik, autoestima galeragatik, herentzia biologikoagatik,...

Hori dela eta, gurasoen eta eskolaren zeregina funtsezkoa da. Garrantzitsua da umeen kezkak entzutea eta emozioak kanporatzeko giro egokia sustatzea. Modu horretan haurrari lagundu ahal izateko eta arazoari aurre egin ahal izateko.

2007-05-22

Beldurra

Beldurra sarritan desatsegina den sentimendu bizi batez bereizi egiten den emozioa da. Sentimendu hori arrisku baten hautemateagatik eragina da, erreala zein ustezkoa, oraingokoa zein gerokoa.
Oinarrizko emozioa da, arriskuari edota mehatxuari diogun higuina naturalatik ondorioztatzen dena.
Animalietan zein gizakietan ematen da, baina nik gizakietan jarriko dut arreta; batez ere, haurretan.

Beldur egoera baten aurrean gaudenean, gure gorputzak aldaketa batzuk jasotzen ditu:
  • Bihotzaren taupadak bizkortu egiten dira, gorputz-adarretara eta burmuinera odola bidaltzeko
  • Begi-niniak zabaldu egiten dira hobeto ikusteko
  • Hiru hormona sortzen dira: adrenalina, noradrenalina eta kortikoideak (azken hauek neuronen arteko lotura gertatzea eragozten dute; hau da, sinapsia, eta beraz, pertsona horren sormena paralizatzea eragiten du)
  • Birikiek azkarrago hartzen dute airea gorputzari oxigenoa emateko
  • Digestio- eta gernu- aparatuak motelago lan egiten hasten dira, gauza garrantzitsuagoetan arreta jarri ahal izateko
Horrez gain, gure gorputzak duen erantzunak eustea edo ihes egitea eragiten gaitu.

Beldurrak bizitzaren lehenengo urtearen inguruan hasten dira, baina 4-6 urte bitartean eragin handiagoa dute.
Denboraldi horretan umea hasiko da iluntasunaren, animalien, pertsona ezezagunen, ipuinetan edota filmetan agertzen diren zenbait pertsonaien, zarata gogorren,... beldur izaten. Eta normala da beldurra sentitzea, guztiok sentitzen baitugu noizbait. Gainera, zenbait adituren ustez, "osasungarria" da, zenbait aldaketa fisiologiko ekartzen dituelako eta horiek egoera zailei hobeto aurre egitea ahalbidetzen dizkietelako. Arazoa dator beldurrezko egoera hori modu errepikakorrean mantentzen denean. Izan ere, antsietatea sortzen du (beldurrezko sentimendua izatea arrazoi garbirik gabe), eta horrek tentsioa eta higadura fisikoa eragiten du.
Egoera sortzearen zergatia asmatzea ere ez da zeregin erraza.

Ume batzuk fobia dute (zerbait espezifikori beldur handia izatea). Eta aurkezten den beldur hori objektiboa da, erabat arrazoitua dago, eta zenbait arriskutik babesten ditu. Fobia erakutsi ohi da pertsonak zentzugabe eta bidegabe bezala aitortzen duen objektu, egoera edota sentsazioen aurrean obsesioa sentitzen duenean baina, hala eta guztiz ere, ezin dienean aurka egin.

Zorionez, beldur gehienak igarokorrak dira, eta umea hazi ahala, apurka-apurka, desagertzen dira.

2007-05-18

Adimen emozionala

"Adimen emozionala" adierazpena Peter Salowey eta John D. Mayer- ek sartu zuten lehenengo aldiz psikologia alorrean 1990. urtean. Gero, 1995.ean, Daniel Goleman-ek Adimen emozionala deitutako liburuaren bidez zabaldu egin zuen. Berarentzat, adimen emozionala norberaren eta besteen sentimenduak antzemateko gaitasuna da; modu horretan, emozioak ondo gidatzeko eta inguratzen gaituztenekin harreman emankorragoak izateko.

Hori dela eta, Goleman-ek bi taldetan banatuta dauden bost emozio-gaitasun kontuan hartzen ditu:

- Gaitasun pertsonala:
  • Norberaren emozioen kontzientzia izatea (autokontzientzia): norberaren emozioak antzemateko eta ulertzeko, eta horiek besteengan duten ondorioa ikusteko gaitasuna da.
  • Norberaren emozioak gidatzen jakitea (autoerregulazioa edo autokontrola): norberaren emozioak eta bulkadak erregulatzeko, eta jokatu baino lehen pentsatzeko gaitasuna da.
  • Norberaren motibazioa (automotibazioa): emozioak funtsezko helburu baten arabera ordenatzeko gaitasuna da.
- Gaitasun soziala:
  • Besteen emozioak antzematea (enpatia): besteen beharrak, sentimenduak eta arazoak ulertzeko gaitasuna da; horretarako, bere lekuan jarriz.
  • Harremanak gidatzen jakitea (trebetasun sozialak): besteekiko harremanak gidatzeko gaitasuna da.
Adimen emozionalak ez du eskatzen emozioak kontrolatzea. Izan ere, ez dago emozio negatiborik. Emozio bat potentzialki negatiboa bihurtuko litzateke behar beste baino gehiago irauten badu edota modu oso bizian bizi egiten badugu. Beraz, emozioen iraupena eta intentsitatea da erregulatu behar duguna. Baita emozio horien ondorioz izandako jokaera ere. Hau da, onargarria da haurra amorrua sentitzea, baina onartzerik ez dagoena da horregatik jotzea.
Badira erregulatzeko mekanismo batzuk, lagungarriak izan dakizkigukenak. Besteak beste: entretenitzea, egoerari buelta ematea, modu baketsuan konpontzea arazoa,...

Heziketa emozionala eskolan landu beharreko gauza da. Horrela gelako giroa izugarri hobetzen delako, eta baita eskolako etekina ere (orain arte modu horretan pentsatu ez den arren). Emozioak lantzeak beste ikasgai batzuetan ere gusturago egotea eta lan gehiago egitea erraztuko du.
Gertatzen dena da irakasleak ez daudela oso prestatuak emozioen alorrean eta, gainera, ez dagoela baliabide nahikorik hori aurrera eramateko.

2007-05-16

Emozioak, barneko bulkadak


emotion Originally uploaded by bambino333.
Emozioak oharkabeko bulkadak dira; inguruko estimuluei erantzun bezala sortuak direnak, izaki bizidunetan zein animalietan sentimenduak eragiten dituztenak eta erreakzio automatikoko jokaerak pizten dituztenak.

Emozioek indar izugarria dute. Beraien bidez gure inguruan gertatzen dena hautematen dugu eta ihardutera bultzatzen gaituzte. Beraz, eguneroko bizitzan moldatzeko balio dizkigute. Esaterako, beldurrak arriskutik babesten gaitu, amorruak zapalketari aurre eginarazten digu, tristurak laguntzen digu galdu dugun objektuarengandik edo pertsonarengandik banatzen,...

Hori dela eta, emozioen oinarrizko sei maila aurkitzen ditugu:
  1. Beldurra
  2. Sorpresa
  3. Nazka
  4. Haserrea
  5. Poza
  6. Tristura
Paul Ekman- ek, gainera, aurpegiko adierazpenen ikerketaren bidez, frogatu du oinarrizko emozio horiek unibertsalak direla. Hau da, kultura guztietan berdinak direla.
Baina emozioen katalogoa askoz zabalagoa da. Senti dezakegu ere inbidia, kulpa, urguilua, amorrua, lotsa, asperdura,...
Sentimendu bakoitzak badauka paper handia egiteko.

Askotan entzun izan dugu irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela edo, aurpegia arimaren islada dela; eta ez zaie arrazoirik falta. Aurpegia gogo-aldarteei buruzko informazio iturri bat da, eta gorputzak ere emozioak komunikatzen ditu mugimendu eta jarreren bitartez.

Haurrak, emozioei dagokionez, ez dira kikiltzen. Beraiek adierazten dituzte sentimenduak oso erraz eta naturaltasunez, modu burutsuan edo bizian.
Baina hasieran ez dakite zer den sentitzen dutena, ez dakite hitzez adierazten, emozioen formatu linguistikoa garatu behar dutelako oraindik.
Hizkuntzak bi funtzio garrantzitsu betetzen ditu hor: alde batetik, kontzientzia hartzea. Kapaza bazara "beldur naiz" esateko, horrek zuzenean adierazten du kontziente zarela sentitzen duzunaz, eta prest zaudela horri aurre egiteko. Eta, bestetik, erlaxatzea. Emozioa izendatzearekin bakarrik tentsioa deskargatzen ari zara, eta horrek ahalbidetzen dizu gerorako neurriak hartzea.

Beraz, helduon papera haurrei kontzientzia hartzen laguntzea da, besteak beste.

Post honetan zenbait informazio idazteko hik hasi aldizkarian 2005eko urrian argitaratutako 101.zenbakiaren erreferentzia izan dut.

2007-03-07

Gaiaren aurkezpena

Aurretik esan bezala, blog honetan emozioei buruz hitz egingo dizuet. Izan ere, emozioak eta sentimenduak, zeinahi ere diren, gizakion (helduon zein haurren) parte dira. Eguneroko bizitzan laguntzen digute eta askok uste baino garrantzia handiagoa dute. Horregatik beharrezkoa da jakitea emozioak oso erabilgarriak direla, ingurura moldatzen laguntzen digutela (baita deserosoak direnak ere; beldurra, tristura, amorrua, edo kulpa, alegia), eta ezin dugula horien aurrean ez nabarmendu.

Zenbait ikerketa eta esperientzia klinikoek frogatu dute pertsonak (haurrak zein helduak izanik), emozionalki trebeak direnean (hau da, emozioak ezagutzen eta ulertzen dituztenak, euren emozioak erregulatzeko gai direnak,...), ongizate afektibo eta sozial handiagoa dutela, arrakasta gehiago dutela eskolan zein lanean eta, gainera, osasun hobea izaten dutela.

Beraz, nire asmoa emozioek duten balioa ikustaraztea da. Eta, horretarako, emozioen inguruko informazioa eta adibideak eskainiko dizkizuet: hala nola, zer-nolako egoera emozionalak ematen diren, adimen emozionala zer den, haurren emozio adierazpenen aurrean nola jokatu behar den, heziketa emozionalean eskola eta gurasoen funtzioa zein den, alexitimia zer den,...

Espero dut gaia baliogarria eta zuen gustokoa izatea.

Hemengo zenbait informazio idazteko Hik hasi aldizkariak 2005eko urrian kaleratutako 101.zenbakiko eredua izan dut.

2007-02-28

Nire aurkezpena







Ongi etorriak ematen dizkizuet Izaskunen txokora!
Arrigorriagan bizi den 21 urteko neska bat naiz. Bilboko Irakasleen Unibertsite Eskolan, Haur Hezkuntza, ikasten nabil. Aurten 3.maila egiten nago eta, beraz, espero dut ekainerako (edo bestela irailerako) hau bukatutzat ematea!
H.H. bukatutakoan, ikasten jarraitu nahi dut, baina oraindik ez daukat batere argi zer egin. Pentsatu dut Atzerritar Hizkuntza egitea hemen bertan, baina ez nago oso ziur. Erabakia denboraren esku utziko dut!

Blog honetan emozioen inguruan arituko naiz, helduon bizitzan garrantzia badute, haurren artean ere leku handia dutela ohartzeko, eta horiek ulertzen saiatzeko.

Eskainiko dizuedan informazioa argia eta interesgarria izatea da nire nahia. Hala ere, galderaren bat edo ekarpenen bat egin nahi baduzue, bloggaren bidez egin dezakezue, edo bestela nire helbide elektronikoaren bidez:

izas_mg86@hotmail.com

Besterik gabe, agurtzen zaituztet lagunak!